Oraingoan bertso mundua izan dugu lagun. Iñigo Legorburuk bertso sari bat lortu du, San Filipporen gaitzaren inguruko bertso-sorta batekin eta sari banaketan Juneren Hegoaketaz gogoratu da. Mila esker bihotzez.

————————-

Esta vez hemos tenido el apoyo del bertsolari Iñigo Legorburu. Muchisimas gracias por llevar a Juneren Hegoak en tu corazón en la entrega de premios.

Bertsoak:

“SanFilipporekin borrokan”

  DOINUA: Amaren bularra  (Xabier Lete)

1

Alabak hiru urte

kunplitu berritan

medikurako gure

ohiko bisitan;

oraindik zegoela

Lur larru gorritan

esan zigun “hau ez da

gertatzen sarritan…”

“San Filippo” izena

botata birritan

hotzikara handi bat

gailendu zen tripan.

Nerbio ta beldurren

bitarteko kinkan

ezkutuko mundu bat

gelditu zen bistan.

3

Jada utzi diozu

hitz egiteari

nahizta komunikatzen

zaren guztiz garbi:

Zu pozik zaudenean

zabiltza jostari

haserretzean berriz,

betilun ta nagi.

Eguneroko martxan

arazo ugari

bizi ditugun arren;

zara gure sari.

Egunekoa biziz

gabiltza aspaldi

denbora irabaziz

etorkizunari.

2

Kalean jasotako

muxu ta eupada

estimatzen ditugu

bertatik bertara.

Berriz ikasi dugu

egiten algara

haurraren sostengua

geroni baikara.

Etorkizunak sortzen

digunez zirrara

askoz baikorragoak

gara denok jada.

Gure munduan zerbait

gaizki doa, hara

gaixotasuna bera

sendagaia bada.

4

Goizean goiz hasten da

etxean eguna

argiztatu ondoren

logela iluna

astiro kentzen dizut

zure hartz-laguna

eskolan gauzatzeko

gogoko jarduna.

Arratsaldez, nagusi

da lasaitasuna

etxean zain baituzu

mediku kuttuna…

Hitz gutxitan, hori da

guk bizi duguna

sarri artifiziala

den normaltasuna.

5

Gizarteari jartzen

bagara begira

han guztiok berdinak

ez gara-ta, tira!

Sailkatuak zenbaki

batzuen neurrira

nornahi ez da iristen

besteen erdira.

Ospitaleak duen

zorraren harira

txanponen diktadura

gailentzen ari da.

Logika horrek badu

gurean segida

gaixo daudenak ere

sailkatzen baitira.

7

Nahizta ez naizen guztiz

dantzari arina

flash-mobak antolatzen

jarri ohi dut grina;

kamixeta saltzaile

oso atsegina

izan ninteke orain

astero, jakina…

Halaxe bihurtu naiz

ama ezberdina

nahizta sufrimendua

den guztiz gordina

pozik dakusat nire

neska pinpirina

alaitasunez bizi

baitut bere mina.

6

Bizi garen munduan,

egun; parez-pare

ahanzturaren aurkako

borrokan hor gaude.

Sentitzen garenean

hilik ta indarge

gure maitasuna da

luxuzko zutabe.

Nork bere arazoak

harturik bidaide

zaila dago egiten

urkoaren alde!

Azkenean egin naiz

egiaren jabe

gure gizarte hontan

mundu asko daude.

8

“SanFilippo” gaitzaren

menpeko, gatibu

izan gara haurraren

gainbeheren testigu.

Plastikozko botilen

tapoi asko bildu

ditugun arren, antza;

ezta nahiko diru!

Gure zoritxarrean

ez gara kokildu

“SanFilippo”-k gehiago

ezin gaitu mindu.

Hark ere bere kasa

zeozer egin du:

bizitza nola bizi

irakatsi digu!

SANFILIPPO

Sigue nuestras noticias en Facebook en la dirección: https://www.facebook.com/JunerenHegoak

IMG_2712