Juneren Hegoak jarduera ugariren protagonista abenduan

jh 10 urte

Juneren Hegoak elkartearen jarduerez eta proposamenez beteta dator abendua, elkartasunaren esperientzia ardatz hartuta, elkartasun hori izan baita erakundearen urteurreneko urte honetan garatutako ekimen guztien balio nagusia.

Hilaren 14a, osteguna, Pintxopote solidarioaren bigarren eguna izango da. Errenteriar asko taberna laguntzaileetara hurbildu ziren, elkartearen egunerokotasuna errazteko ekarpenen bat egin ahal izateko; izan ere, beti bezala, “edozein laguntza ekonomikoa, nahiz eta txikia izan, garrantzitsua da gure familiei ahalik eta hoberen artatzeko”. Aker, Gamón 14, Maite, Ondartxo, Etxeondo eta Kantina Lekuona elkarlanean arituko dira Juneren Hegoak pintxo berezia eskainiz edo bi egun hauetako pintxopotean jasotakoaren zati bat emanez.

Abenduaren 15erako, ostirala, 19:00etatik aurrera “Ni ere boluntarioa naiz” lelopean hitzaldia antolatu da Reina aretoan. Saio honetan, Bihotzez, Gizalde, Mindara, Pausoka eta Juneren Hegoak elkarteetako boluntarioek parte hartuko dute. Boluntario izatearen esperientziaz, balioez, eskakizunez eta zailtasunez hausnartuko dute hizlariek, baita denon helburu bat lortzeko denbora eta energia altruismoz eskaintzeak dakartzan zailtasunez ere, laguntzen dieten familien ongizate helburua hain zuzen ere. Solasaldia Olga Grande kazetariak, Juneren Hegoak elkarteko boluntarioak, dinamizatuko du, eta gure gizartean hain garrantzitsua den kolektibo honen errealitatea hurbilduko duen elkarrizketa izan nahi du. Gogoan izan behar dugu Juneren Hegoak elkartean, adibidez, boluntariotza dela erakundearen motorra, eta hamar urte hauetan ia 120 boluntario igaro direla beren lana eta denbora muxutruk eskaintzen.

Hilabete honetako beste hitzordu garrantzitsu bat Kilometro solidarioak ekimena da, kirol udal instalazioak kudeatzen dituen BeOne/Serviocio enpresak antolatuta. Abenduaren 19, 20 eta 21ean, goizeko 9:00etatik gaueko 21:00etara bitartean, Galtzarabordako kiroldegian, bazkideek eta bazkide ez direnek ahalik eta kilometro gehien egin ahal izango dituzte, horretarako bakarrik erabiliko den zinta batean. Parte hartzeko, Galtzarabordako kiroldegiko harreran izena eman behar da, ordu eta egun jakin batean, ordu erdiko txandetan. Edozein adin eta baldintzapeko pertsonak parte har dezake, oinez edo korrika, nahiz eta helburua ahalik eta kilometro gehien lortzen saiatzea izan.

Enpresak Espainia osoan dituen 35 zentroen artean, kilometro gehien lortzen dituen zentroak 3.000€ emango dizkio irabazi-asmorik gabeko erakunde bati. Errenteriaren kasuan, 3 egun horiek kilometro gehien osatzen dituen zentroa izatea lortuz gero, 3.000€ horiek Juneren Hegoak elkarteari emango zaizkio.

Bestalde, gogoratu nahi dugu abenduaren 23an Bizitu ekimenaren hitzordua egongo dela, Mindara elkartearekin batera antolatua. Oraingoan, Landarbaso Abesbatzaren eskutik, “Zirku Musikala” izendun saio berezia eskainiko da. Sarrerak https://sarrerak.errenteria.eus webgunean daude eskuragarri, eta, beste batzuetan bezala, doakoak dira.

Eta jarduerez beteriko urtea bukatzeko, datorren abenduaren 31ean izango den San Silbestre lasterketan ere Juneren Hegoak egongo da. Urtero Club Atletico de Renteriak antolatutako ekimen honetan parte hartzeko izenemateren zati bat doakio Juneren Hegoak elkarteari. Gogorarazi nahiko genuke parte hartzeko epea abenduaren 29an bukatzen dela eta izenemateak egin daitezkela CARek duen webgunean: www.atleticorenteria.com

Gabonetako oparietarako egoitzaren irekiera

Halaber, Juneren Hegoak elkarteak herritarrei gogorarazi die Martin Etxeberria kaleko 15. zenbakiko beheko lokala irekiko duela (Errenteriako Super Amara ondoan), produktu solidarioak eta 2024 urteko egutegia saltzeko azaroaren 30ean eta abenduaren 14an, 18:00etatik 19:30era, eguberriaren atarian gaudelako eta opari solidario ona izan daitekeelako.

Juneren Hegoak-en inguruan

Gogoan izan behar da June Sánchez Tolaretxipi txikia, Juneren Hegoak taldearen inspirazioa, 2013an hil zela, bi urte zituela, haur-minbizi baten ondorioz. Handik hilabete gutxira, gurasoek eta lagun talde batek elkartea sortu zuten. Harrezkero, ahultasun-egoeran dauden eta gaixotasunak, dibertsitate funtzionaleko egoerak eta/edo adingabeen dolua jasaten ari diren Euskadiko familiei lagun-

tzeko sare bat sortzen du elkarteak, eta haien bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duten aukera batzuk eskaintzen ditu. Proiektu honek 61 familia artatu ditu bere ibilbidean zehar, 118 boluntario pasa dira ekimen guztietatik, 86 ekitaldi egin ditu eta 287.000 euro baino gehiago bideratu ditu bere jarduerara.

Duela 3 urte, Eusko Jaurlaritzak onura publikoko erakundea izendatu zuen, eta, gainera, ikerketa-beka bat sustatzen du, Pediatriako Sociedad Vasco-Navarrarekin batera. Beka horren bidez, haurren onkologiari buruzko ikerketa-proiektuak diruz hornitzen dira, diziplina horrekin lotutako edozein arlotan, eta paziente-talde horren diagnostikoari, jarraipenari eta tratamenduari dagokienez hobekuntzak egiten laguntzen du.

Juneren Hegoak-i laguntzeko: